2019-10-10 - Bagera - Euskara Solasaldia Zinea
Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak zineforuma abiatuko du udazken honetan. Hilean behin egingo ditugu emanaldiak, eta euskaraz sortutako zein euskarara ekarritako (bikoizketaren bidez edo azpidatziekin) lanak proiektatuko ditugu Koldo Mitxelenan. Lehen saioa urriaren 15ean izango da, eta La belle saison (Udako amodioa, Catherine Corsini, 2015) film frantziarra proiektatuko da Koldo Mitxelena Kulturunean.
Saioa 18:30ean izango da, frantsesez eta euskarazko azpidatziekin, Filmazpit katalogoaren bidez. Proiekzioaren ostean solasaldia egingo da bertaratuekin, euskaraz.
Gonbidatua: Jeannette E Diaz (zinema ekoizlea)
Dinamizatzailea: Ander Gisasola
Sarrera librea aretoa bete arte
1971ko Parisen girotutako drama erromantikoarekin abiatuko du Bagera elkarteak zineforuma. Filmeko protagonistak Delphine nekazari familia batean hazitako gaztea eta hiriburuan bizi den Carole independentea izango dira. Lehenak landa eremutik hirigunerako bidea hartuko du, hain zuzen ere, mugimendu feministak lehen urratsak egingo dituen garaian, eta bertan ezagutuko du mutil-laguna duen Carole kartsua. Bien arteko topaketatik maitasun istorio eder bezain korapilatsua sortuko da.