Ekin

Kantauri Kofradia

2019-08-16 - Bagera - Euskara Donostiako Piratak jaiak

Guk ez daukagu formula magikorik, soluzio erabatekorik. Ez da errezeta erraza eta. Gu festa egin nahi duen talde bat gara, “festa” eta “egin” hitzen zentzurik zabalenean. Festa egin nahi dugu: ongi pasa bai baina, batez ere, zeharkatzen gaituzten harreman-modu eta balioak zalantzan jarri, puskatu eta alternatibak eraiki. Jaia ospatzeko gunea omen da, eta baita gure ohiturazko jokamoldeak erreproduzitzekoa ere. Hala izan da urte askoan, eta, neurri handi batean, hala da oraindik ere. Hain zuzen, horregatik iruditzen zaigu eragin beharreko eremu bat ere badela, lan egitea merezi duen esparru bat. Ilusio horretatik jaio ziren Donostiako Piratak, eta bertan egin genuen topo, orain dela hiru urte, Kantauri Kofradian ari garenok.

Besteak beste, euskararekiko sentiberatasunak elkartu gintuen: euskararen egoerarekiko kezkak eta, batez ere, etorkizunean eragiteko grinak. Azken urteotan belarri-zuloen barru-barruraino sartua zitzaigun ziklo aldaketa iritsi zenaren ideia: bukatu zela euskararen alde egoteko garaia, euskararen alde egiteko garaia zela, ekitekoa. Gu ere beti izan gara ‘egitekoagoak’ egotekoak baino.

Zer egin, ordea? Intuizio batzuk badauzkagu. Hiztun modura, Euskaraldiak erakutsi digu euskaraz egitea ekintza eraldatzailea izan daitekeela. Aste Nagusia euskaraz bizitzea, gure arteko harremanak euskaraz eraikitzea, euskaraz gozatzea, euskaraz festa egitea… Hori dena, gaur egungo Donostian, ekintza eraldatzaile bat da. Talde modura, ordea, Piratok sakonagotik eragin dezakegula iruditzen zaigu: Aste Nagusia euskaraz antolatu eta bizitzetik pauso bat eman eta Aste Nagusia euskaratik antolatu eta bizitzera igaro gaitezkeela. Donostia abordatzea da Piraton helburua: kapitalaren Donostia abordatzea, turistentzako Donostia abordatzea, gaztelaniaz pentsatutako Donostia abordatzea, gizonek gizonentzat eraikitako Donostia abordatzea. Baina bukatu ziren borroka hauek denak paraleloki egiteko garaiak: gatazka guztiak korapilatzen eta txirikordatzen dira elkarrekin, eta galderak ere konplexuagoak (eta interesgarriagoak) dira gaur egun: nola egingo diogu gentrifikazioari aurre, euskaratik? Eta masifikazioari, nola erantzungo diogu euskaratik? Kultura globalizatuaren joera murriztaile eta homogeneizatzailearen garaiotan, nola eta zer sortuko dugu euskaratik? Pertsonen arteko botere-harremanak nola deseraikiko ditugu euskaratik (ere)?

Nola erantzun, nola aurre egin, nola deseraiki? Hasteko eta behin, elkarrekin, festak elkarrekin espazio eraldatzaile bilakatu nahiak egin baikintuen Pirata. Bidea ez da erraza, pauso bakoitzeko egin dugu kontraesanekin topo. Baina ospatzeko, bizitzeko, zalantzan jartzeko, kantatzeko, sortzeko eta, batez ere, ekiteko garaia dela sinesten dugu.