2018-08-06 - Bagera - Euskara
Azken hogeita lau urteetan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu du. Azterketa horrek euskararen erabilera areagotzea du ardatz, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutzea.
Garrantzitsua iruditzen zaigu eguneroko bizitzan euskararen presentzia bermatzea. Aldi berean, jai giroan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen erabilera suspertzea, euskal kulturarekin batera.
Hau horrela, aurten ere, hizkuntza erabileraren neurketa egin nahi dugu eta horretarako herritarrengana zuzentzen gara laguntza eske. Ehunka dira Aste Nagusian antolatzen diren jarduerak eta behaketa ahalik eta osatuena egiteko ezinbestekoa dugu jendearen parte hartzea.
Egin beharrekoa oso erreza da
1. Bagera Elkartearekin harremanetan jarri zein jarduera ikusiko d(it)uzun esateko.
Hona hemen behatu nahi ditugun jardueren zerrenda:
Egunaren arabera: abuztuak 10, abuztuak 11, abuztuak 12, abuztuak 13, abuztuak 14, abuztuak 15, abuztuak 16, abuztuak 17, abuztuak 18.
Auzoka: Altza, Amara, Amara Berri, Antigua, Erdialdea, Gros, Intxaurrondo, Parte Zaharra.
2. Ikusten d(it)uzun ekitaldietan zein hizkuntza erabili den kontuan hartu eta fitxa (word formatuan/pdf formatuan) bete.
3. Behaketa fitxa guri helarazi:
Posta elektronikoz bagera@bagera.eus
Posta arruntez: Bagera Elkarte, Hernani kalea 15, behea. 20004 Donostia.
Oharra: Ez da jarduera irauten duen denbora osoa egon behar.