Oldarraldiak ez du etenik

Donostiarron hizkuntza eskubideen aurka egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

2024-09-18 - Bagera - Euskara oldarraldia

Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa.

Azken epai honen arabera, Donostian nahikoa da bi udaltzainetik bakarrak euskaraz jakitea herritarrak beren hizkuntzan artatu ahal izateko. Hala, salbuespena izan behar zena arau bihurtu dute eta, ondorioz, euskaraz artatua izateko eskubidea, salbuespen.

Bereziki larria da hau, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik. Udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea arriskuan jar ditzake. Enplegu publikoaren helburua zerbitzu publiko egokia ematea da, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea. Nola egingo du hori euskararik ez dakien udaltzainak parean herritar euskalduna egokitzean?

Honen aurrean, batasunetik erantzuteko beharra azaldu nahi dugu eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera deitu dugun elkarretaratzera gonbidatzen zaitugu, irailak 19an, osteguna, Alderdi Ederren 19:00etan.

Donostian euskaraz bizi nahi dugu eta euskararen normalizazioaren bidean ez dugu eskubide murrizketarik onartuko! 

https://irutxulo.hitza.eus/2024/09/16/donostiako-udaltzain-izateko-euskara-jakitea-eskatzea-diskriminatzailea-dela-berretsi-du-auzitegi-gorenak/