2023-02-09 - Bagera
Euskaldun ez ezik euskaltzale ere bagara (bagera), eta euskaraz bizitzeko borondate irmoa dugu. Saiatu ere saiatzen gara alde eta aldiro euskaraz jarduten, eta horretarako sortu zen, hain zuzen ere, Mintzalaguna ekimena. Euskaraldia ere testuinguru horretan ulertu behar da.
Bidelari nahiz bidelagun izendatzen dugu geure burua, edota belarriprest zein ahobizi. Izenak izen, ordea, aitortu beharko dugu sarri motz eta kamuts zaigula euskara. Jakinarazi nahi duguna jakinarazteko bai, baina hortik gorako zereginetan apenas baliagarri gertatzen zaigu hizkuntza. Eta, jakina, euskarazko hiztun elebakarrik ez dagoenez, beti hortxe dago erdarara jotzeko tentazioa, erdaraz errazago moldatzen baikara benetan axola duten gauzak egiteko garaian: batetik, solaskidea liluratu, kontsolatu, gogatu, zirikatu, iraindu, amorrarazi; bestetik, geure burua lasaitu, adoretu, emozioak sublimatu... Horiexek dira benetan axola diguten kontuak, eta tamalez nabarmenak dira horrelakoetan euskaraz ganoraz aritzeko ditugun mugak.
Koldo Mitxelena zenak zioen bezala, hizkuntza eta aizkora berdin ebaluatu behar dira: ebakitzeko balio badute dira onak. Eta, jakina, ebakiko badute, zorroztu beharra dago.
Horixe da ikastaro/tailer honen helburua. Ameskeria litzateke pentsatzea 8 orduko jardunean euskara guztiz zorroztea lortuko dugula. Ordea, mintegian parte hartzen duzuenoi euskara zorrozten jarraitzeko modu bat, sistema edo arrasto batzuk eskainiko zaizkizue, sekula amaitzen ez den zorrozte lanean gero bakoitzak bere kabuz jarraitu ahal izan dezan.