TARTEKA

Aurreko ostegunean egin genuen lehenengo TARTEKA: Donostiatik Errenteriara.

2024-07-30 - Bagera - Mendi irteera

Aurreko ostegunean antolatu genuen lehenengo tarteka plana. Txomin auzoko Espartxo zubian elkartu ginen 9:30etan. Zubia alderik alde zeharkatu eta Ametzagaina parkea igotzeari ekin genion Garberara iritsi arte. Bertatik San Marko gotorlekurako bidea hartu genuen.

San Markon erabateko ikuspegi panoramikoa dago eta Donostia, Pasaia, Errenteria eta Oiartzun ikusteaz gain inguruko mendi guztiak ikusiko lirateke lainoak hala utzi izan balu. Hendaiako Dunbarriak ere ikusi genituen urrunean!

Inguru guztia aztertu ondoren Errenteriako bidea hartu genuen. Hala, Beraun auzoa zeharkatu eta buruhandi eta erraldoien artean egin genuen hamaiketakoa. 

Denera 12 kilometro inguru egin genituen bi ordu baino zer edo zer gehiagoan. Oso itzuli atsegina amaiera ezin hobearekin (hamaiketakoa noski).

Baina, nola ez, hau hasi besterik ez da egin. Tarteka (izenak dioen bezala) plan ezberdinak antolatuko ditugu. Ez dira denak irteerak izango noski,  orotarikoak izango dira. Eta zuk ere buruan aurrera eramateko planik baduzu badakizu non gauden!