Euskara eta feminismoa

Izen emate berria

2022-03-01 - Bagera

“Euskara eta feminismoa: Zein lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan?” izeneko emakumeentzako tailerra antolatu dugu Eider Perezek gidatuta. Emakumeen eta hizkuntzaren arteko elkargunea lantzeko tailerra izango da.

Euskarak zabalkundea izan duenetan emakumeen presentziarekin egin du topo; Donostian hala izan da? Emakumeena omen da ‘ama-hizkuntza’ eta gizonezkoena ‘hitza’, zergatik? Zer egin dute emakumeek Donostian euskararen alde? Nondik eta nola jardun dira horretan? Non gurutzatzen dira hizkuntza eta feminismoa? Non euskara eta emakume identitatea? Zein erreferente ezagutzen ditugu eta zenbat dira? Gehiago badakizkigu? Sormenaren kulturan eta Euskal Kulturan non eta nondik ibili gara historikoki? Eta orain non gaudela sentitzen dugu?

Tailerrak feminismoaren eta euskararen arteko elkargunea izan nahi du. Batetik, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan Donostiako emakumeek eginiko lana aitortu eta erreferenteak ikustarazteko. Eta bestetik, hizkuntza ez hegemonikoen eta feminismoaren  arteko harremanari buruz hausnartzeko. Tailerreko kideen parte-hartzean oinarritutako tailerra izango da; bertaratuek hitz egiteko eta elkarri entzuteko aukera izango dute.  Horrez gain, gorputzean arreta jarri eta gorputzaren memoria esnatzeko eta aktibatzeko hainbat jolas eta ariketa proposatuko dira.

TAILERRAREN HELBURUAK

- Hizkuntza eta generoaren elkargurutzaketan arreta jartzea, horren kontzientzia piztea eta Donostiako emakumeekin horri buruz hausnartzea, horretarako espazioa eta elkargunea sortzea.

- Donostiako emakume euskaldun, feminista eta hizkuntzaren alde lan egin dutenak identifikatzea eta sareaz jabetzea. Hizkuntza eta kultur transmisioan Donostiako emakumeek eginiko lana aitortzea eta erreferenteak ikusaraztea.

- Lan ildo eta egiteko berriak proposatzea: tailerretatik ateratako ideietatik eta memoriatik abiatuta, erronka berriak atzemateko edota motibazioak, kontakizunak eta bizipenak jasotzeko ariketa egingo da. Agian, aurrera begira, gaiaren inguruko ikerketa nahiz proiektu sakonagoak egiteko haziak izango dira tailer hauek.

DINAMIZAZIOA

● Bi ordu eta laurdeneko bi saio izango dira, erdian atsedenaldi labur batekin.

● Tailerra dinamizatua izango den arren, tailerreko kideen parte hartzea egongo da.

● Ikusi, entzun eta hitz egiteko espazioak sortuko dira: esperientziak eta ahotsak norbanakotik kolektibora eramateko saiakera egingo da.

● Gorputza eta zentzumenak ere presente egongo dira tailerrean, horiek aktibatzeko ariketa batzuk egongo dira.

● Ikus-entzunezko materiala egongo da eta baita fisikoa ere: irakurgaiak, idazteko ariketak, argazkiak, bideoak …

● Espazioa goxoa eta erosoa izatea hobetsiko da, lasaitasunean eta intimitatean hitz egiteko aukera edukitzeko.

Tailerraren data eta ordutegia:

Martxoak 25, ostirala, 18:00-20:15

Apirilak 1, ostirala,  18:00-20:15

Lekua:

San Telmo Museoko hezkuntza gelan

Prezioa:

15€ (bagerakideak, San Telmo Museoko bazkideak eta gazteak 12€)

Edukiera mugatua

Oharra: Egun bakarrean parte hartzeko aukera dago. Hala ere, bi saioetan parte hartzea animatzen zaitugu eduki ezberdina jorratuko baita egun bakoitzean.

 

Antolatzailea: Bagera Elkartea.

Laguntzailea: Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua, San Telmo Museoa