2021-11-04 - Bagera - Mintzalaguna
Ikasturte hasierarekin batera, Mintzalagun egitasmoaren izen emate kanpaina martxan jarri genuen. Ehunaka lagunek eman dute izena eta hurrengo astetik aurrera Mintzalagun taldeak elkartzen hasiko dira, eta astero euskara praktikatzeko elkartzen garenon sareak ehuntzen jarraituko du. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo zaie berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira mintzalagunak, elkar zainduz eta erantzukizunez.
Urtetik urtera mintzapraktika behar dutenen (bidelarien) kopurua gorantza doa. ”MintzaPoza sortzen digu astero elkartzeak, euskaraz lasai eta eroso aritzeko aukera izateak akatsak egiteko beldur gabe edo euskara praktikatu nahi dugunokin astero elkartzeko prest dagoen Bidelagun bat izateak”.
Hau horrela, Donostiako euskaltzale guztiei egin nahi diegu proposamena: astean ordu betez bi-hiru pertsonekin elkartu eta euskaraz aritzeko agendan tartetxo bat egitea. Izan ere, urteetako esperientziak erakutsi du askok egunerokotasunean euskaraz bizitzeko saltoa eman dutela, bidelagun izan dituzten mintzalagunei esker. Parte hartzeko prest?
Astelehena, asteazkena edo osteguna 18:00etan.
Asteartetan 16:00etan.
Astelehenetik ostegunera edozein ordutan (arratsaldez).
Hala ere, beste edozein egunetan eta ordutan ahal izanez gero ongi etorria izango da. Jendea itxarote zerrendan dugu eta!
Bidelagun moduan (bidelariei euskara praktikatzen laguntzeko) parte hartzeko mintzalaguna@bagera.eus helbidera idatzi edo 943005074 telefono zenbakira deitu.