2021-11-09 - Bagera
Azaroaren 22tik abenduaren 5era umeekin harreman zuzena duten helduen aktibazio ekimena burutuko da Euskal Herriko zenbait herritan, tartean Donostian.
Euskaraldian bezala, helduak izango dira hizkuntza-ohiturak astintzeko interpelatuak. Baina, oraingoan, helduen arteko hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatuko diogu.
Euskarak 365 egun ildoaren barruan kokatzen da ekimena.
Guraso, hezitzaile, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko (hau da, helduen arteko) hizkuntza-praktikak alda ditzaten eta euskara gehiago erabil dezaten aktibazio ekimena izango da Haurren aurrean helduok heldu. Herritar multzo hau batzen den eremuetan kokatuko da dinamika.
Euskaraldiaren ildo bereko ariketa izango da, baina ez dugu ahobizi/belarriprest rolik aukeratuko edo rolaren txaparik eramango. Gainera gizarte guztiari zuzendutako ariketa izan beharrean, haurrekin harreman zuzena duten 16 urtetik gorako herritarrak izango dira hartzaileak. Hortaz, ariketa pertsona hauek biltzen diren eremu informaletan gauzatuko da (eskolako sarrera eta irteeretan, parkean, plazan…).
Helduak umeen eta gazteen erreferente direla kontuan izanda, umeen aurrean dituzten hizkuntza-ohiturei arreta jarri eta euren aurrean ahal bezain beste euskaraz hitz egitea izango da helburua.