MINTZAPOZA PRAKTIKATU

Lehiaketa ekainaren 5ean

2021-05-27 - Mintzalaguna - Mintzapraktika Mintzalaguna

Urteroko hitzordua da Mitza Eguna Euskal Herri guztiko Mintzalagunentzat, elkarrekin jai giroan egun pasa eginez ospatu izan ohi dugu. Baina azken bi ikasturteotan, osasun egoerak hala behartuta, ezin izan dugu modu horretan egin. Baina Mintzalagun taldeek tinko segitu duzue elkartzen asteroko hitzorduan, elkartuz eta euskara praktikatuz.

Azken aldian egoerak hobera egin duenez,  eta neurri batzuen barruan berriz elkartzeko aukera dugula ikusita, MintzaPoza lehiaketa antolatu dugu ikasturtea agurtzeko. Aspaldiko partez, elkartu egingo gara Donostiako Mintzalagunok eta gainerako herrikoekin aurrez-aurre ezingo bada ere, teknologiak baliatuz, tarte atsegina pasako dugu elkarrekin. 

Horixe izango da ekintzaren helburua:  elkartzea, batak bestearen berri izatea eta, hain gustuko dugun moduan, lagun artean euskaraz MintzaPoza praktikatzea!

Ekintzak bi zati izango ditu: lehenegoan Donostiako Mintza taldeak elkarren artean arituko dira jolasean eta ondoren, bigarren zatian, herri bakoitzeko talde  onenek finala jokatuko dute elkarren artean. Sariak ere izango dira, nola ez! Donostiako talde txapeldunarentzat saria eta finala irabazten dutenentzat izango da sari potoloa.

Goizeko 11.00etan egin dugu hitzordua Bageran, 10 minutuko azalpenak jaso ondoren, talde txikietan antolatuta aire librean, hainbat galdera edo froga errazak egiteko ordu bete izango dugu. 12:30etan jakingo dugu zein taldek irabazi duen eta horiek bakarrik jokatuko dute finala (hiru galderei erantzunez).

Bukatzean, 13.00ak aldera, nahi duenak, mokadutxo bat hartzeko aukera izango du.

Hainbat herritan izango da ekintzan parte hartzeko aukera, honakoetan: Arrasate, Aretxabaleta, Donostia, Lasarte, Hondarribia, Baztan Bortziriak eta Malerreka, Iruñerria, Getxo, Arabako Errioxa eta Gorbeialdea.

Animatuz gero, eman izena! Zure taldearekin edo bakarka ere izena eman dezakezu. Izena emateko azken eguna ekainaren 2a izango da eta mintzalaguna@bagera.eus edo 943005074 telefono zenbakian egin dezakezu.