2020-04-17 - Bagera
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko asmoz, datorren astelehenean, apirilaren 20an, Etxealditik Euskaraldira ekimena jarriko da abian. Egitasmo honek bi helburu ditu: batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz. Ekimena hiru fasetan banatuko da eta maiatzaren 3an amaituko da.
Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk azaldu du, konfinamendu egoeran elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia direla nagusi eta harreman gehienak hurbilekoekin direla jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela.
Ekimena apirilaren 20an hasiko da eta maiatzaren 3an amaitu eta izango dituen hiru faseak honako hauek izango dira: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.
Gauzak horrela, ekimenak irauten duen bitartean, goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan labur eta mezu bidez emango dira Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.
Apirilaren 20an, proposamena gizarteratuko da eta horretarako, ekimena azaltzeko bideoen zabalkundea egingo da. Apirilaren 21etik 23ra bitartean, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. Eta azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. Zazpi ideia horien azalpen-bideo edo proposamenak gainera, Euskal Herriko Euskaraldia
batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek egingo dituzte. Ekimena, maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.
Ekimenak irauten duen bitartean, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek. Horretarako, parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatu ditu antolakuntzak. Guztiok guztion berri izateko, @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira erabiltzea baliogarriak izango dira. Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatu zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.