Donostiako euskaltzaleak elkar topatu eta erronka bateratuak bilatzeko, topaketak egingo ditugu azaroaren 16an

San Telmo Museoan izango da, azaroaren 16an, 9:30etik 13:30era

2019-11-04 - Bagera

Topaketa hauen jatorrian dago azken hamar urteetan euskararen aldeko hiriko mugimenduan emandako aldaketak. Auzo askotan euskara batzordeak martxan jarri dira, herritar euskaltzaleek hiriko erakunde eta eragile askotan dihardute eta Donostiako iritzi publikoan badago euskararen aldeko adostasun orokor bat. Hala ere, mugimendu horren baitan badaude behar batzuk identifikatuta eta horiei erantzun nahi diete topaketa hauek.

Euskararen alde garatzen diren ekimen eta hauetan dabiltzan pertsonen arteko ezagutza; hiriko euskaltzaleen ikuspegiak partekatu eta bateratzeko beharra; eta elkarrekin lantzeko erronkak identifikatzeko premia.

Topaketen bidez lortu nahi dena da, hobeto saretzea euskaltzaleak informazio trukea eta elkarlanari begira, hiriko eztabaidetan eta hiriko norabide orokorrean euskaltzaleen eragina handitzea eta mugimendua bere erabakiak hartzeko eta bere ikuspegi propioa lantzeko autonomia izatea.

Uda ostean hirian zehar egindako hainbat saioren jarraipena izango da

Uda ostean abiatu den prozesu baten jarraipena dira topaketak, Bagerak dinamizatu ditu hirian zehar egindako hainbat saioren bidez. Saio hauetan jasotako iritziak izango dira azaroaren 16ko topaketen abiapuntua.

Azaroaren 16an, diagnostiko zirriborro bat jarriko da mahai gainean. Eta ondoren, ariketa ezberdinen bitartez landuko dira topaketen helburuak. Topaketen emaitza, hurrengo urteetarako bide orri komun bat izatea bilatzea da.

Topaketak azaroaren 16, larunbatean izango dira, San Telmo Museoan eta goiz osoa iraungo dute (9:30-13:30). Izen-ematea zabalik dago, www.bagera.eus atariaren bidez egin behar da eta azaroaren 14an itxiko da.

Donostiako euskaltzale guztiek parte hartzea bilatzen dute antolatzaileek, eragileren batean antolatuta egon edo ez. Beraz, deituta daude, auzoetako euskara batzordeetako kideak, herri mugimenduetako kideak, ikasleak, irakasleak, kulturgileak, eta abar adibidez. 

Mugimendu zabal eta anitz baten bilgunea izatea bilatzen da; auzo eta adin guztietako jendea, inplikazio maila desberdinekoa …