2019-07-26 - Bagera
Donostiaren turistifikazioaren harira denetariko eztabaidak zabaldu dira azken urteotan gure ingurunean: pisu turistikoen lotura etxebizitzaren prezioarekin, Parte Zaharraren saturazioa, merkataritza txikiaren gainbehera… Hiria asko aldatzen ari da eta aldaketa hauek gertatu ahala ulertzen saiatzen ari gara.
Eta zein da turistifikazio horrek euskararen egoera sozialean duen eragina? Zein aldaketa ekarri ditu edo ekar ditzake? Sarri heldu izan gara galdera horietara. Zaila da argazki oso eta xehe bat eskuratzea; ez dago Donostiako kasuari buruzko ikerketa espezifikorik eta eguneroko bizipenetatik erantzuten diegu, oraingoz.
Globalizazioak eleaniztasuna presenteago egin du gure bizitzan. Aldi berean, hipermugikortasuna deiturikoa ekarri du: nazioarteko bidaiak biderkatu egin dira. Hizkuntza aniztasuna ikusgarriago egin zaigu, eleaniztasunaren kudeaketa beharra orokortu da eta ingelesaren mundu mailako lingua franca izaera sendotu. Batetik, kultur arteko harremana dago; bestetik hizkuntza-profil desberdineko pertsonen arteko praktika-linguistikoak.
Hotel bateko gelan kutxa-gotorra edo Interneta erabiltzeko azalpenak bezeroen artean ohikoenak diren hizkuntzetan eskaintzen dituzte, zentzukoa den moduan. Turismo bulegoan ere, hizkuntza desberdinetan idatzitako eskuorriak eduki ohi dituzte, bisitariei informazio praktikoa banatzeko. Turistentzako zerbitzuak dira.
Kontua da hiri honetan gero eta gauza gehiago direla turistentzako. Taberna eta jatetxe gero eta gehiagok hormetako arbelak eta barretako menuak egokitu dituzte. Lan-eskaintzetan ere ingelesezko eta frantsesezko gaitasuna eskatzen hasi dira.
Donostia euskararen hiritik Azpeitia euskararen arnasgunera ibilbide erregularra egiten duen autobus publikoan “Explore San Sebastian Region. The Ignatian Way” jartzen du. Mezua ez da pasatzen ikusi eta irakurtzen dugun euskaldunontzat, turistei zuzenduta dago.
2018 urtean 1.400.000 gaualdi baino gehiago egin zituzten turistek Donostian, aurreko urtean baino %9 gehiago. Horiei gehitu beste nonbait ostatu hartu arren egunpasa etortzen direnak.
Hirian erroldatutako euskaldunak 81.000 baino gehiago ginen 2016an, eta badira beste 40.000 bizilagun baino gehiago euskara ulertzeko gai direnak. Horiek berdinak gara urtarrilean eta abuztuan; autobus geltokian, Parte Zaharreko tabernetan eta Alderdi Ederreko norian.
Ederra litzateke bisitan etortzen direnei kontatzea hiri honetan euskaraz bizi garela. Azaltzea hamarkadetan jazarriak eta mespretxatuak izan garen euskaldunok, gure hirian eskubide guztiekin bizi garela gaur. Dagoeneko ez dela beharrezkoa aldarrikapena, protesta eta borrokatzea, adostasuna dagoelako euskarak gizartean izan behar duen paperaren inguruan. Ederra litzateke egia izango balitz eta beren begiekin ikusi ahal izango balute.
Esango nuke horretarako gakoak, hala ere, bertakoon pentsaera eta praktiketan daudela. Donostian euskaraz bizi nahi dugunok gure buruak ahaldundu, errespetarazi eta herrikideengan eragiteko ahalegin betean aritu beharko dugu luzaroan, gero bisitariei harro kontatzeko.
Asier Basurto Arruti, Bagerako kidea