2017-02-01 - Bagera
Duela 25 urte elkarren artean bildu ziren donostiar batzuen ilusio, indar, gogo eta kemenari esker sortu zen Donostiak behar zuen euskaltzaleen elkartea. Fruitu asko eman ditu orain arteko ibilbideak. 25 urte betetzen direla eta, aukera eta parada ona ikusi da elkartean atzera begiratu eta nondik gatozen birgogoratzeko. Atzera begiratze hori, baina, aurrera begiratzeko ere probestu nahi dugu, eremuz- eremu zer lortu nahi dugun zehazteko.
2017an zehar, arlo bana landu nahi dugu hilabete bakoitzean eta bertan, ikusarazi eta landu nahi ditugu eremu horretan oraino egin direnak, batetik, eta zehaztu nahi dira, bestetik, urtebeteko epean arlo horietako bakoitzean zer lortu eta egin nahi dugun.
Beraz, arlo bakoitzean epe labur batean (2017an eta 2018an) lortu nahiko genukeen eta lortu nahi duguna egiteko ekintzak finkatu eta horretarako pausoak ematea da gure asmoa.
Honekin batera, Donostiako eragile zein elkarteengana jo nahi dugu beraien parte hartzea eskatuz, 2018ari begira erronkak finkatu eta dagokien arloan pausoak ematera animatuz.
Landuko ditugun arloak honakoak izango dira: hizkuntza aniztasuna, zientzia eta teknologia, eskubide berdintasuna, euskalduntze alfabetatzea, haurrak eta gaztetxoak, hedabideak, sormena eta kultura, aisialdia, osasungintza, kirola eta merkataritza.
Urte osoko jarduna batuko duen leloa “Bagera NOR, 25 urte beste Donostia eraikitzen” eta irudiaz gain, hilabete bakoitzak, arloari lotutako izenburu propioa, sare sozialetako traola berezia, komikia eta hilabete horretan antolatu ditugun ekintzak iragartzeko espresuki sortutako kartela izango ditu.
Azkenik, hilabete horretan landutako gaiarekin gogoeta zutabea idatziko dugu Irutxuloko Hitzako azken ostiraleko alean.
Eta jakina! Hilabetez hilabete landuko diren gaiez gain, 25 urte bete izanak ospakizun bat merezi duelako, azaroaren 18an, ospakizun festa egingo dugu. Adi egon etorriko diren ekintza eta deialdietara.