2016-10-28 - Bagera
SOS Arrazakeria elkarteak “Bizilagunak” egitasmoa antolatu du azaroaren 13rako, urtero bezala. Egitasmo honek elkarbizitzarako tresna izatea du helburu.
Euskaldunok, etorkinekin komunikatzeko unean, askotan inertziaz, gaztelerara jotzen dugu, komunikazio hizkuntza moduan. Bere hizkuntza edozein izanda ere errazago ulertuko digulakoan. Aldi berean, hemen bizi diren etorkin eta atzerritarrontzat, euskara ikasi arren, ez da erraza euskaraz bizi diren ingurune sozialetan parte hartzea.
Hau horrela, Banaiz Bagara elkarteak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak bultzada bat eman nahi dugu elkarbizitzarako harreman horiek euskaraz eraikitzeko. Guztion arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza euskara izatea da gure erronka.
Horretarako, deialdi berezi bat egin nahi dugu: Donostiako “Bizilagunak” egitasmoan bazkarian komunikatzeko hizkuntza euskaraz izango duen taldean parte hartzeko. Bazkari horretara euskara ikasi duten edo ikasten ari diren etorkinak eta bertako euskal hiztunak gonbidatuta daude, elkar ezagutzeko eta guztion artean gure kulturak konpartitzeko.
Euskaraz moldatzen bazara eta bertako euskaldunak ezagutu nahi badituzu, edo bertakoa bazara eta jatorri ezberdinetako bizilagunekin euskaraz harremanetan jarri nahi baduzu, eman izena Bagera Elkartean; deitu 943005074 telefonora edo bidali mezua bagera@bagera.eus helbidera.