2016-08-09 - Bagera
Azken hogeita bi urteetan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu du. Azterketa horrek euskararen erabilera areagotzea du ardatz, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutzea.
Garrantzitsua iruditzen zaigu eguneroko bizitzan euskararen presentzia bermatzea. Aldi berean, jai giroan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen erabilera suspertzea, euskal kulturarekin batera.
Hau horrela, aurten ere, hizkuntza erabileraren neurketa egin nahi dugu eta horretarako herritarrengana zuzentzen gara laguntza eske. Ehunka dira Aste Nagusian antolatzen diren jarduerak eta behaketa ahalik eta osatuena egiteko ezinbestekoa dugu jendearen parte hartzea.
Egin beharrekoa oso erreza da:
1. Aste Nagusiko jardueren zerrenda begiratu, aukeraketa egin eta gurekin harremanetan jarri bagera@bagera.eus helbidean edo 943005074 telefonora deituz. (Aukeraketa errazte aldera hiru modutan sailkatu dugu egitaraua:
Egunaren arabera: abuztuak 13, abuztuak 14, abuztuak 15, abuztuak 16, abuztuak 17, abuztuak 18, abuztuak 19, abuztuak 20.
Auzoka: Aiete, Altza, Amara Berri, Amara, Antigua, Donostiako badia, Bidebieta, Egia, Erdialdea, Gros, Loiola, Parte Zaharra eta Zuatzu.
Jarduera motaren arabera: antzerkia, Azoka, Folklorea, hainbat, haurrak, kirola, lehiaketa, musika, suak, zinea.
2. Ikusten dituzun ekitaldietan zein hizkuntza erabili den kontuan hartu eta fitxa bete.
3. Behaketa fitxa guri helarazi:
Posta elektronikoz bagera@bagera.eus
Posta arruntez: Bagera Elkarte, Hernani kalea 15, behea. 20004 Donostia.
Oharra:
Ostirala baino lehen (abuztuak 12) izena ematen duzuenen artean abuztuaren 19rako Bi izarren kalenturak antzezlanerako 4 sarrera bikoitz zozketatuko ditugu.