2016-06-20 - Bagera
Udako solstizioa ekainaren 21ean izan arren, erlijioaren eraginez, San Joan bezperan ospatzen da (ekainak 23).
Izakia izakia zenetik eta orain dela gutxi arte nekazaria izan denez, lurretik eta naturatik bizi izan da. Lurra ezagutu eta bere zikloak edo aroak betidanik ospatu ditu, hala nola, neguko solstizioa zein udako solstizioa kristautasuna iritsi zen arte.
Kristautasuna indartuz eta zabalduz joan zen bitartean, jentil ohiturak (paganismoa), deabruaren eta sorginen gauza zela zabaldu zuten. Azkenean gau hau sorgin eta gaueko izakiekin nahastu da.
Hala ere, mendez mende, eta belaunaldiz belaunaldi, festa honen tradizioa gorde izan dugu euskaldunok. Azkeneko urteotan, esan genezake, gorde ez ezik, indartu ere egin dela San Joan bezperan sua pizteko ohitura. Data honetan, eguzkiaren aroaren etorrera ospatzen da, hau da, udako solstizioa. Urteko egunik luzeena eguzkiari eskaintzen zaio eta suak eguzkiaren ikurra bihurtuz gaua argitzen du, gau magikoa izanik.
Gau magiko honek, mito, errito eta emozio handiko jarduerak biltzen ditu haren ospakizunaren inguruan. Horietako bat; San Joan lore-sortena da. Euskal Herriko sorginen gaua zela-eta, San Joan lore-sortak egiten ziren, gaitzak uxatzeko, etxea babesteko edota urte osorako osasuna ziurtatzeko.
Ohitura zaharra berreskuratu nahian, aurten ere Bagera Elkarteak lore- sortak banatuko ditu Donostiako hainbat auzoetan.
San Joan bezperan jasotako hainbat landarerekin osatzen da San Joan sorta. Osatzeko honako lore eta landare hauek bildu behar dira: |
---|
Usaina duen lorea: arrosa edo mihilua (foeniculum vulgare) |
Fruitua ematen duen landarea (urteko uzta oparoa izan dadin): galburua, arto landarearen zatia, babarrun edo patata hostoa… |
Basoko landare edo zuhaitz-hostoak: garoa, lizarra… |
San Joan lorea: bitxilorea da Gipuzkoan (Leucantenum) |
Gipuzkoako herri askotan sortari erramua ere erants lekioke. |
Lore- sorta honek, naturaren indarra jasotzen du, sorgin eta izpiritu gaiztoengandik babesten gaituelarik. Etxean gorde behar dugu buruz behera eta lehortzen utzi. Ekaitz handia balitz, etxea babestuko genuke sorta zati bat erreta. Urteko osasuna ere ziurtaturik omen dago lore-sorta etxean izanda. Hurrengo urteko San Joanetan sorta zaharra ekarri eta sutara bota behar da; berriak ordezkatu du erretakoa, eta, hala, ondorengo urtean ere etxea eta etxekoak babestuak izango dira.
San Joan bezpera auzoetako egitarauak
Bestalde, auzoetan ekainaren 23rako ekitaldi ugari antolatu dira. Hona hemen bildu ditugun auzoetako egitarauak